2017(e)ko otsaila 23, osteguna

BARULLO NO AREA


Liburuaren Azala


Jakina denez, ironia arriskutsua izan daiteke. Sortzaileen munduan bera erabiltzeko ohitura daukatenak lar ondo dakite zenbaterainoko egia den hori. Irratigintzan lan egiten dugunok askotan entzun behar dugu esaera tematia: «Ironiak ez du irratian funtzionatzen»... Esperientziak beste hainbat zereginetan ere nekez ulertzen dela diosku.
Ordiziako 'Ciclos Iturgaiz' taldeak ironia, sarkasmoa eta umore garratza zituen oinarri. Honelako kasuetan gertatzen den legez, zure aldekoak fan sutsuak izan arren, zure kontrakoek ez dizute erraz barkatuko zure ausardia.
'Ciclos Iturgaiz' bikotearen abestien izenburuak irakurri besterik ez duzu, zertaz ari naizen jakiteko: 'Nicaragua Somocista', 'No a la Legalización', 'Lemoniz Funciona' , 'Arzak y Compañia'...
Haien inguruko lehenengo berria e-mail baten bidez izan nuen. Trapagaraneko musika elektroniko talde bat zirela baieztatzen zuten eta argazkian aurpegiak mozorroturik bazituzten ere, neska eta mutila zirela zioten.
Bi bider ikusi nituen zuzenean jotzen. Lehenengoa Gernikako gaztetxean. Hor jabetu nintzen biak gizonezkoak zirela eta ez zirela Trapagaranekoak, Ordiziakoak baizik. Emandako informazioa ere adarjotze hutsa zen. Bada, ekitaldi hartan bildu ginenok bagenekien zer motatako eskaintza eroa zen eurena eta ondo pasatu genuen euren lelo ganorabakoak elkarrekin abesten.
Bigarrenean aldiz, jendartean denetarik zegoen. Pinpilinpauxa konpartsaren txosnan aritu ziren, Bilboko aste nagusiko festa giroan. Jarraitzaileekin batera beste hainbat entzule zeuden, bikotearen berri ez zutenak. Horietako batzuei ez omen zitzaien batere gustatu taldearen proposamena, inongo zuzentasun politikotik at. Batzuk kantuka eta txaloka genbiltzan bitartean, beste batzuk txistuka eta botilak botaz zebiltzan. Bi lan interneten atera ostean iaz erretiratzea erabaki zuten, «bageneuzkan abestiak beste disko bat osatzeko, baina jadanik ez genuen hasierako grinarik. Jendeak gure rolloa ezagutzen zuen eta horrela ez da probokaziorako tarterik geratzen...»
Joan den astean Ricardo Gomez-ek, taldeko kideak, Bilboko Anti liburu-dendan 'Gooolpe de Vista' eleberria aurkeztu zuen. Aukera aprobetxatuz, bikotea berriro elkartu zen «akustiko» pare bat eskaintzeko eta berriro ere bertokoen artean egonezinen bat sortzeko, haien hitz adar-joleak zirela eta: 'Las Gemelas Olsen/ Y Hanna Montana/ Viva el Rollo Txungo/ Con zorras americanas'...
'Gooolpe deVista' nobelak eskaintzen duen tesia, ildo beretik datorkigu. Protagonistak bere amorantearen etxean paper zahar bat aurkitzen du txiripaz. Ikerketak egin ondoren aurkikuntza itzela egingo du: Laurogeiko hamarkadan, Realak irabazitako ligak akordio politiko-militar baten barruan kokatzen ziren. Ezkutuko bilera batzuetan Espainiako selekzioa ere talde honen jokalariz betetzea erabaki zen eta hau guztia, jakina, helburu bakar batekin: euskal gazteen ilusio eta gogoak politikatik ateratzea eta futbolean finkatzea.
Ricardo Gomez, Vigon jaio zen 1970. urtean. Etorkina eta langilea Euskal Herrian -bere hitzekin esanda- «popero eta zeltiar»- tzat hartzen du bere burua. Liburuaren azala ere berak egindakoa da. Bi arratsalde besterik ez nituen behar izan eleberri osoa irensteko eta berriro ere tipo honen burutazioekin haluzinatzeko. Burutik pasatzea ere!

2017(e)ko otsaila 16, osteguna

MUSIKA JOTZERA BESTE ALDE BATERA



Phil Collins
Eta egun batetik bestera musika telebistatik desagertu zen. Tira, beti geratuko dira kanal tematikoetan ikus daitezkeen bideoak edo ETB 1-en edo TVE-ren bigarren katean ordu txikietan ematen dituzten programa bereziak, baina kate jeneralistetan ez da ia musika emanaldi izpirik geratzen. Etorkizunean norbaitek “Cachitos de Hierro y Cromo"  edo “Ochéntame Otra Vez” tankerako bilduma bat egin nahi izanez gero, gorriak eta bi pasatuko ditu ordu erdi bat osatzearren.

Audientziaren diktadurak, ezinezkoa ematen zuena lortu du. Gaur egun, “prime-timean” agertzen diren kantari bakarrak “talent-showetan”  lehiatzen direnak dira. Batzuetan, hori bai, “El Hormiguero” eta antzeko programetan musikariren bat ikusten dugu, normalean barregarri geratzeko, musika izan ezik mota guztietako pitokeriak egiten, bere azken lana saltzeko ahaleginez. Oraindik ezin burutik kendu Jamie Cullumi egin zioten “elkarrizketa”. Imajina daitezkeen froga lotsagarri guztiak pasatu ondoren eta musikari apartaren pazientzia amaitzear ematen zuenean, azkenean piano aurrean jarri zen bere kantu bat ematearren. Eta egin, egin zuen, baina ez genuen entzun, une horretan hain justu ere publizitatea hasi zelako, Jamierentzat leiho txiki bat pantailan utziz non irudia ikus zitekeen, baina soinurik gabe.  Non geratu ote dira orain dela hamarkada pare bat horren ohikoak ziren playbackeko emanaldiak? Non “Katu kale” edo “La Edad de Oro” estiloko saioak? Non larunbata gaueko ikuskizunak, Lazaroven “zoomez” betetakoak?
Jose Miguel Contreras eta Daniel Ecija, eragin handiko tele-produktoreek, hitzaldi batean azaldu ziguten gertakariaren ustezko jatorria. Kate pribatuak martxan jarri zirenean, hauek biek Tele 5ean egiten zuten lan, Emilio Aragonek aurkezten zuen magazinean hain zuzen. Programaren audientzia igo nahian Phil Collins musikaria kontratatu zuten, egun horietan Madrilen zegoela aprobetxatuz. Hirutan agertu zen programa horretan Genesis taldeko bateria ohia. Hurrengo egunean irrikan zeuden audientzien erregistroak begiratzeko eta... hara non ezuste galanta hartu zuten. Phil Collins agertzen zen bakoitzean ikusleek ospa egiten zuten izurria izango bailitzan. Handik aurrera programatzaileen jargoian “Collins Efektua” izendapenarekin geratu zen bataiatua fenomenoa betiko.
Hau ez da herrialde guztietan era berean gertatzen noski. Britainia Handian, adibidez, oso argi daukate zein garrantzizkoa den musikagintza euren ekonomian eta “Britain’s Got Talent” programekin batera BBCk eta gainerako kateek ongi dakite sortzaile berrien eskaintzak zaintzen, programazio zabala bezain oparoa eskainiz.
Gurean aldiz, artista berriak “Youtube” eta antzeko erremintak erabiltzera behartuta daude. Ordu nagusietan “Operación Triunfo” eta haren senideak dira toki duten bakarrak.
Ustezko jakintsuek osatutako epai-mahaiek goraipatzen eta mespretxatzen dituzte ospearen atzetik aurkezten diren artistak. Horietatik, ordea, oso gutxik lortzen dute ibilbide sendo bat osatzea. Urak dakarrena, urak daroa.
“Learning The Blues” abestian, Frank Sinatrak oso ondo azaltzen zuen: “Mahaiak hutsik daude/ dantza-pistan inor ez dago/ maitasun kantu bera jotzen ari zara/ hamargarren aldiz/ hasiera da, beste froga bat, besterik ez/ zure lehenengo ikasgaia/ “bluesa” zer den ikasteko.
Ba horixe bera.   
       
              

2017(e)ko otsaila 9, osteguna

KOINATU BATEN AITORMENAK

"Ocho Apellidos Catalanes" pelikularen aurkezpena
New York Post: “Pelikula bikaina. Hasieratik bukaera arte ikusleak ez du arreta izpirik galduko”.
Le Monde: “ Gutxitan ikusten den film borobil horietakoa. Oskar usaina dario”
Le Figaro: “Betiko klasikoekin parekatzeko modukoa. Zinemarekin maiteminduko zara ezinbestean”.
Nire koinatua: “Kaka zaharra. Bost minutu pasa eta gero lo seko geratu nintzen”.
Ba bai. Nolabaiteko txiste hau irakurri nuenean guztiz identifikaturik sentitu nintzen. Ni neu naiz, askotan, koinatu hori. Azken bolada honetan kezkatzeko moduko maiztasunez  gertatzen zait neuri ere. Kritikak lau izar jarri dizkion pelikula bat ikustera joan eta etxera itzuli normalean dudan baino lerdo aurpegi handiagoarekin.
Tipo arraroa bihurtzen ari ote naiz?  Kritikoek sumatzen dituzten lilurei antzemateko ezgai?  Toni Erdmann film austriar-alemaniarra eta Comanchería estatubatuarra nire azken “harribitxiak” izan dira. Lehenengoan bi ordu eta erdi egon nintzen horrenbeste sari merezi duen bertuteen zain. Alferrik. Konturatzen nintzen, hori bai, ez nintzela bakarra, beste batzuk ezin zutelako metraje osoa jasan eta hanka egin zutelako bukatu baino lehen.
Bigarrenarekin, agian, problema nirea da. Sinesgarritasun eza igartzen dudanean (fantasiazko pelikula ez izanik) gainerako guztiari soberako deritzot.
Egun hauetan Rajoyri leporatu diote lotsagarria dela Goya sarientzat hautagaiak direnen lanak  ikusi ez izana. Ez dakit nik presidente baten beharren artean bere herrialdean egiten diren pelikulak ikustea dagoenik, (kontutan edukiz badaudela baita ere antzerki lanak, zuzeneko kontzertuak, mota guztietako erakusketak, eta abar), baina nire uste makalean estatu honetan egiten den zinegintza ez dago, hain zuzen ere, inor etxetik ateratzeko moduan. Ez dago, bada, promozio kanpainek eta kritika gehienek kokatzen duten lekuan.  Alex de la Iglesiaren azken lanetan efektismo hutsa besterik ez dut ikusten eta Almodovar aspaldian dabil bere buruaren kopia makalak errepikatzen. Kalean maiz entzun ditut horrelako iritziak, hedabideetan oso gutxitan ordea.
Madriletik Bilborako autobus bidaia batean “Ocho Apellidos Catalanes” pelikularen bideoa jarri ziguten. Lehenengo partean horrenbesteko arrakastaren zergatiak ulertu ez banituen ere, luzapen honetan, gogaitu egin nintzen. Brotxa lodiko umorea da nagusi berriro ere, baina euskal izaeraren parodia “sinpatikoa” eman ba zitekeen lehenengo emanaldian, bigarren edizio honetan irainaren ertzean mugitzen da. Pelikularen hasieran Rafa andaluziarrak lepoan eraman behar du Koldo “Madril ez zapaltzearren”. Kar kar kar. Katalanen irudia bestalde independentziaren eskaera ulertzeko modukoa da, zekena ez dena pedantea da... Gero, sarean informazio bila sartu eta hara non ikusi ditudan lau izarreko kritikak, oso komedia ona dela baieztatuz. Non podo credere.
Eta zer esan gure inguru hurbilenaz. Euskal Herrian lerro arteko kritika arte eder bilakatu da. Badago nolabaiteko “omertá” bat izen sakratuen -eta ez horren sakratuenak bertokoak badira- lanez jendaurrean gaizki ez mintzatzearren. Azken finean auskalo zer gerta daitekeen etorkizunean, topo egitea horren erraza den espazio txiki honetan.
Kritikak edozein arrazoirengatik  susmagarriak direnean, antzu bihurtzen dira. Eta ezbairik ez, kaltetuena, epe luzean, kultura bera eta kulturgileak dira. Bada ikasteko garaia. Bitartean, koinatuen iritziak nagusi izan beharko.   


   

2017(e)ko otsaila 1, asteazkena

GIZARTE AUTISTA

"Auritz" ekimenaren bultzatzaileak
Egoitzak, printzipioz, ez du ematen prentsaurrekoak egiteko egokiena denik. Zabala bada ere, nahiko ilun eta goibel dirudi “plumillak” hartzeko. Hori bai, erabat itxura modernoa dauka, sabaitik behera erakusten dituen argi gorrizko hari horiekin. Pareta horiek hitz egingo balute... Zabaldu berri den diskoteka horrek bere garaian “Aranzazu” izena zuen eta lehenago “Pumanieska” mitikoa ere izan zen. Bere eszenatokian “Daikiris” izeneko banda aritu zen luzaroan, Estitxu abeslari goxoa kantari zuena. Zenbat amodio-kontu, zenbat dantza-eskaera, zenbat bikote sortuko ziren doinu horien artean pasatako hamarkadetan.
Gaurko honetan “Auritz, Laino Eder Hori” ekimena aurkezteko prest dago. Literatura, musika eta bideoa uztartzen dituen proiektua da hau. Niri egokitu zait aurkezle izatea. Bideoa ikusi besterik ez nuen behar izan, baietza emateko. Mikel Bizar, Idi Bihotz taldean abeslari izanak eta egitasmoaren bultzatzaileak, gogo biziz azaldu zidan taberna batean, orain dela aste pare bat:
“Ni autismoaren esparruan aspaldian nabil lanean eta horren inguruan gizartean zenbat aurreiritzi dauden konturatu nintzen. Jende askok ‘autista’ hitza entzutean inolako gaitasunik ez duen pertsona bat imajinatzen du eta hori ez da beti horrela gertatzen. Izan ere kasu askotan ez nintzateke desgaitasunaz mintzatuko, gaitasun ezberdinak dituzten gizakiez baizik”.
Oinarri honen haritik, Mikelek metal-talde bat antolatu zuen, arlo horretan diharduten musikari bikainekin osatuta. Hilabetetan jo eta ke lanean ibili ondoren, aste honetan ezagutzera eman dute ekimena, orain Moma izena duen diskotekan.
Bilboko Heavy Metal munduan mugitzen diren musikari ugari kazetariekin eta AEN (Autismo Espektroko Nahasmena) dutenen gurasoekin nahastu dira diskotekako pistan banatutako aulkietan. Oholtza gainean, nirekin batera, musikariak, Izaskun Forkada dantzaria, hamar urteko Ugaitz izeneko mutikoa eta haren ama Monika.
Historia osoari izena ematen dion abestiaren bideoklipa ikusi dugu. Heavy kulturan horren gustuko duten irudi oniriko eta epikoz josita dago. Lan aparta TAOM estudioetan egokitu dutena, zeinean eszena ugari Nafarroako Auritz herrian grabatuak dauden. Mikelen hitzetan: “Maren ama eta Auritz semearen istorioa kontatzen du. Auritzek zazpi urte zituela AEN diagnostikatu zioten. Marenen oroitzapenetik sortzen da dena. Alzheimer gaitzarekin dago egoitza batean eta bere bizitzako hogei urte gogoratzea lortzen du. Urte horietan Auritz semearekin batera arrosa beltzaren bilaketa luze eta zailaren ibilerak berreskuratzen ditu”.
Ezinbestean, Ugaitz mutikoa aurkezpenaren protagonista bihurtzen da. Bere erantzunak ez dira luzeak, baina ez du urduritasun izpirik sumatzen. Igartzen zaio pozik dagoela lortutako ospearekin eta bere adineko edozein mutilek bezala ez ditu ironiak ulertzen. “Zelan konpondu zinen rockero maltzur horiekin?” -galdetzen du batek, irribarretsu- “oso jatorrak dira” erantzuten du berak normaltasun osoz.
Diskotekatik irtetean, kaleak argizko zaplazteko batekin hartzen nau. Negu Gorriak ekarritako berokiak eta bufandak nonahi. Ohiko “automatekin” bat egiten dut,  bakoitza bere munduan, bakoitza bere bidetik. Denak autista selektiboak izango ez ote garen galdetzen diot nire zorabiatutako buruari. 



                         

2017(e)ko urtarrila 22, igandea

ZALDITIK TIRAKA




Antzinako egunkariak bisitatzea oso ariketa irakasgarria izaten da. Sare sozialetan  badaude batzuk orain dela zenbait hamarkadatako tituluak sarritan oparitzen dizkigutenak. Bilboko “Hoja del Lunes” izandakoan 1975eko irailean honako harribitxia irakur zitekeen: “Vizcaya no consume drogas” eta pixka bat beherago “que carezcan de fines curativos”. Erreportajeak periodikoaren lehenengo orrialde osoa betetzen zuen eta besteak beste honelako baieztapenak agertzen ziren: “En Bilbao hay dos o tres morfinómanos, pero están controlados”, “Vizcaya consume casi cuatrocientos mil tubos de barbitúricos al año”... Artikuluan ez da inondik agertzen garai hartan droga guztietan nagusi zena, alkohola. Izan ere, barruko orrialdeetan zenbait edari biziren iragarkiak agertzen ziren eta kiroletako atalean “Karpi” izeneko txirrindulari taldearen balentrien berri ematen zen (Karpi Amurrion sortutako laranja-likore ospetsu baten izena da).
1972. urteko beste titulu harrigarri batean “sasi-drogen” berri ematen ziguten: “Dos estudiantes de náutica drogados en plena calle de Santurce” eta azpititulu modura: “utilizaron la pseudodroga”. Gero berriaren testuan sartzean jakingo dugu “erabilera arrunteko substantzia bat” erabili zutela, “merkatuetan kamamila antzera saltzen dena eta izena emango ez duguna ulerterraza den arrazoiengatik”, “Zoritxarrez” -gehitzen du kazetariak- “kasu hau, gure gazteen artean egunero gertatzen ari direnetako bat gehiago besterik ez da” eta bukatzeko “salatu behar dugu gaurkotasun biziko arazo bat, guztion ardura izan behar duena, batez ere gurasoen artean”.
Gaur egun horrelakoak irakurtzean ezin saihestu samindura pixka bat sentitzea. Urte batzuen bueltan irakur zitezkeen berriek ez zuten inolako lañotasunik agertzen. Lapurretak, arazo psikiatrikoak, HIESA eta gainerako gaixotasunak, heroina gaindosiak edo  droga manipulazioagatik hildakoak eguneroko ogi bihurtuko ziren,  madarikazio bat izango balitz bezala. Zaldia “gure gazteen joera iraultzaileak leuntzeko” erabiltzea, nolabaiteko mantra bihurtu zen zenbait girotan, ETAk, argudio horrekin, balizko trafikanteak hiltzeraino.
Drogaren erabiltze politikoarena ez da bakarrik gurean entzun. Izan ere, heroinaren hildakoak ez ziren hemen bakarrik gertatu eta zifren arabera aldeak ez dira nabarmenak. Estatistikako Institutu Nazionaleko datuen arabera, laurogeita hamargarreneko hamarkadan hildakoen kopururik handiena ezagutu zen, milatik gora hildako urtero; ehuneko hirurogeita hamabosta Madril eta Bartzelonako probintzietan. Urte batzuetan beheranzko joera eman zen eta 2010. urtean 434raino jaitsi zen,  baina 2011. urtean berriro gorakada bat izan zen eta 2013an baziren 626 hildako .
Estatuaren egituraren batetik antolatu al zen hau? Juan Carlos Usó historialariak kontrako teoria defendatzen du “¿Nos Matan Con Heroina?” liburuan. Orain dela gutxi, sarean berarekin eztabaida sutsuak izan dituen Justo Arriola ikerlari elgoibartarrak aldeko teoriak sustatuko dituen seinaleak eman nahi ditu bere “A los Pies del Caballo” izeneko lanean. Nolanahi ere, nik ez dut uste zergatirik erabakigarriena izango litzatekeenik. Aldez aurretik bazegoen mota guztietako esperientzia berriak probatzeko grina. Bestalde, hildakoen gorakada biak krisi garaian gertatu izana ez dut uste kasualitate hutsa denik.      

    

2017(e)ko urtarrila 20, ostirala

TITANICEN ITZALPEAN




Talka egin ondoren, Titanicen zaintzaile bat kapitainarengana doa. Honek haserre ematen duenez, gazteak ziztu bizian berria emateko era zeharka asmatzen du:
_ Kapitain, berri bat ona eta beste bat txarra ditut...
_ Hasi onarekin, umore txarrez nago- eta...
_ Hamaika oscar emango digute!...
Egun hauetan Bilboko Euskalduna jauregian dugu ikusgai Titanicen inguruko erakusketa interesgarria. Berriro ere tragedia hau zein erakargarria den baieztatzeko aukera izaten ari gara. Ezbairik ez, gazte askorentzat 1997. urtean horrenbeste sari jaso zituen pelikularen eragina ezinbestekoa da esposizio honen arrakasta ulertzeko. Baina hori ez da, inondik ere, naufragio honek sorrarazten duen morboaren zergati bakarra.
Inguruabar pilo bat bildu ziren 1912ko apirilaren 14an gertatutako urperatze hartan, zerbait epiko eta ahaztezina bilakatzeko. Erakusketan ikus daitezkeen ume askoren harridura aurpegiak begiratu besterik ez dago honetaz jabetzeko. Izan ere, jende askorentzat Titanic-ena historian zehar gertatu den hondorapenik larriena da, baina ez da hala.
Hogeita hamahiru urte geroago, 1945.urtean, Itsaso Baltikoan, Wilhelm Gustloff  izeneko bidaiari itsasontzia hondoratu zuten. Titanicen baino bost aldiz gehiago izan ziren hildakoak urperaketan. Ordea Guinness errekor triste hau historiaren orrialde ezkutuetan geratu omen da betiko.
Bigarren mundu gerraren azkenengo egunak ziren haiek. Naziak atzera egiten ari ziren. Sobietar Batasunaren  armada inguratzen ari ziren eta Gotenhafen-eko kaia eroriko zenaren beldur ziren. Ahalik eta jende gehien -soldaduak eta errefuxiatuak gehienbat- sartu zituzten ontzira Danimarkara iristeko asmoz. Arrisku bizian zeuden, sobietarrek une oro miatzen baitzituzten ur haiek. Urtarrilaren 30ean itsasoratu zen. 10.500  pasaiari baino gehiago ziren guztira, haietariko asko haurrak. Barruan denontzako lekurik ez zegoenez, askok agerian egin behar izan zuten bidaia. Barkua nekez mugitzen zen. Gaueko hamaikak aldera, S-13 itsaspeko sobietar batek hiru torpedo bota zituen. Berrogeita hamalau minutuan, armada gorrikoek itsasontzia hondoratu zuten. Alemaniar gerraontziek lortu zuten 960 pertsona erreskatatzea, haietako asko berehala hotzak hil baziren ere. 9343 pertsona hil ziren guztira.
Ikusten denez, urperaketen artean ere aldeak daude. Laster hirurogeita bederatzigarren urteurrena beteko duen Wilhelm Gustloffen hondamena ez zen “Belle Epoquen” gertatu. Barruan ez zegoen aberatsik, ezta luxuzko gelarik ere. Itsasoak irensten zuen bitartean inork ez zuen meza kanturik abesten. Eragilea ez zen ezusteko iceberg bat, sobietar gerra-itsaspeko bat baizik. Günter Grass idazle ospetsuak eleberri bat eskaini zion arren, kultura munduan utzitako aztarna askoz txikiagoa izan da. Ez dago inongo “glamourrik” horrelako basakeria batean, Estatu Batuek botatako bonba atomikoarekin gertatzen den legez, Hollywooden inork ez du interesgarri ikusten. Hor ez zen ez heroirik ez epikarik, hor sumatzen den bakarra gizadiaren alderik beltzena da. “Seiehun hildako gurutzaontzi bat hondoratu ostean” agertu zen nire Facebooken berriki. Berrian klikatzean, mezu hau agertzen zen: “Ez da gurutzaontzi bat izan, patera bat baizik. Baina klikatuko al zenukeen hau jakinez gero?”. Ba hori.       


       

AQUEL HOMBRE

Me acuerdo perfectamente de aquel hombre. Alojado sólo, en un hotel remoto. Paseando taciturno con aspecto de rumiar algo. Yo era un niño y estaba con mis padres en aquel lugar. Ni me acuerdo por qué. El tipo se cruzaba con nosotros y siempre saludaba correcto, siempre abstraído.
-¿Quién es ese misterioso hombre?, nos preguntábamos.
-¿Qué le habrá traído hasta aquí?
Tiene gracia. Ahora soy yo ese mismo hombre.