2014(e)ko maiatzaren 5(a), astelehena

URTEMUGA


Cheers tabernan  legez, Muga eta antzeko santutegietan “denek dakite zure izena”


Bilboko hiri zaharreko toki estrategikoan. Iturribide kaletik eta Unamuno plazatik gertu. Lehenengo Euzkadi aldizkaria eta Mikeldi taberna kokaturik zeuden egoitza berean, Muga taberna dugu. Gaur bertan hogeita hamar urte bete ditu. Asko izango gara Kafe Antzokian antolatu den ospakizunean bilduko garenak, baina asko izango dira, baita ere, hortik  pasako ez direnak, protagonistak izan arren: egunen batean bere tribua zein zen, pareta haien artean asmatu zuen “rocker” edo “mod” hura. Bere fanzinea non saldu zezakeen deskubritu zuen musikazale amorratu hura. Bere lehenengo boloa ondoko Gaueko tabernan izan aurretik, txupito pare batekin hor lasaitu nahi izan zuen abeslari dardarti hura. Bere lehenengo musu azkar hura bertan lapurtu zioten neska ilegorria. Konspiratzera biltzen zen kontzientziadunen koadrila. Nor-nori-nork-aren korapiloak txikito artean askatzen saiatzen zirenak. Piper egiten zuen ikasle bakartia. Bertan ikusitako begi loti horietan armairutik lehenbailehen atera behar zuela onartu zuena. Bafle horietan bere maketa lehenengo aldiz entzutean hunkitu zen oraingo rockero ospetsua. Ordu txikietako poeta ez ulertua. Printzerik gabeko Errauskiñe. Begi hezeko erretzailea. Urrutiko ohiko bisitaria, bere neurriko Bilbo hori non dagoen badakiena. Bertan sortu ziren rock-talde ahaztuak eta ongi oroituak. Bertan indarrak berritzen zituzten kale-artistak. “Kinitoak” han jokatu zituztenak. Isilak eta berritsuak. Ederrak eta itsusiak. Ergelak eta atseginak. Abstemio eta biziozaleak. Argiak eta motzak. Popero eta heavyak. Elegante eta ziztrinak...
Cheers taberna ahaztezinean legez, Muga eta antzeko santutegietan “denek dakite zure izena” eta non kokatzeko ohitura duzun. Eguneroko bisitariak ez du eskatu beharrik gura duena eskuratzeko, barraren atzean bere ofizioan trebea den profesional baten konfiantza aurkitzen duelako.
Bai, taberna guztiek daukate beren historia, baina badaude banaka batzuk historia ere egiten dutenak. Bertold Bretchen BilbaoSong abestian bezala, denok daukagu Bills Ballhaus” bat non gure oroimenik kuttunenak biltzen diren eta bizirik dirautenean, gogoko izaten dugun itzultzea eta denbora gelditu delako ilusioa sentitzea.
Bai, gezurra badirudi ere Bilboko Maria Muñoz kaleko Muga tabernak hogeita hamar urte bete ditu gaur. Hasieratik zereginean erne eta tinko aritu dena Juan Carlos Bilbao dugu. Ostalari honen estiloa, gure tabernetan maiz gertatzen den bezala, ez da lehenengo minututik zuritzen zaituena. Bere tankerako tabernarien konfiantza elkarren arteko errespetuz lantzen denetarikoa da, eta, behin hori lortuta, betiko izaten da.
Eskerrik asko, horrenbeste urtetan zehar, aukeratzen duzun musika eta jaki-edariak arretaz zaintzearren. Eskerrik asko beste inon aurki ez daitezkeen fanzineak eta maketak salgai izateagatik. Eskerrik asko zure txoko eder hori beste disko-pub sasimoderno bat ez bilakatzearren.
Eskerrik asko, Juan Carlos eta lankideak. Eskerrik asko Muga taberna, zure izenaren kontrakoa izateagatik, hogeita hamar urtetan zehar. Mugarik gabeko taberna izateagatik hain zuzen. Eskerrik asko, bihotzez, ibili ditudan taberna guztiei, ikastetxeetan ikasten ez dena irakasteagatik. Zuen osasunerako! Topa!




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina