2017(e)ko urtarrilaren 13(a), ostirala

NEU “HATER”




Egunero idazten dudan egunkari gorrotagarria: egia esan ez dakit zein den azkenean nire izaeraren erruduna, baina ez dit axola. Gorrotoan aurkitu dut nire helburua eta nire borroka. Gorrotoa da nire bizitzeko aukera, bakarrik bere baitan aurkitzen dut nolabaiteko zentzua aurrera jotzeko.
Gorroto ditut politikariak eta hauek gorroto dituztenak. Gorroto ditut ezkertiarrak eta eskuindarrak. Gorroto ditut demokratak eta faxistak, feministak eta matxistak, bakezaleak eta gudazaleak, euskaldunak eta espainiarrak, etorkinak eta bertakoak, aberatsak eta txiroak. Izan ere, zerrendatik at utziko nukeen bakarra internet izango litzateke, nahiz askotan hau ere gorroto dudan. Horrek eskaintzen baitit nire etengabeko herra gauzatzeko parada ederra.
Anonimatuan ezkutaturik zenbait ezizen ezberdinez baliatzen naiz nire higuina zabaltzeko. Facebooken eta Twiterren abileziaz mugitzen ikasi dut eta ez ditut jarraitzaileak faltan izaten. Aiherkundea erabat erakargarria da beti, baina garrantzizkoa da oso era azkar eta adimentsuz erabiltzea. Ugaldu egin ditut nire pertsonaiak mota ezberdineko kausak defendatzeko. Batzuetan animalista naiz, beste batzuetan neoliberal edo begano, edo behar izanez gero edozein erlijioren aldeko edo kontrakoa.
Gorrotoa da berez nire ideologia bakarra. Hortaz ez dut legearekin inolako arazorik izan nahi. Nire benetako nortasuna ezkutatzeko sareak ematen dizkidan baliabide guztiak erabiltzen ditut. Baina jakin badakit nire muga non dagoen. Nik ez dut nahi poliziaren jomuga izatea, ez. Ez naiz astakirten horietakoa. Izen eta abizenez haien gorrotoak argitaratzen dituztenak ez dira benetako gorrotozaleak. Haien tiroak beti berdinen kontra daude zuzenduta eta euren patua kausa baten martiriak izatea da. Horiek guztiak gorroto ditut baita ere, jakina.
Nire jokaera zeharo ezberdina da. Gustuko dut, adibidez, zenbait blogari zirikatzea. Oso erraza da tipo hauek samintzea. Haien ego erraldoietan minduta sentitzen direnean zeharo haserre erantzuten didate eta orduan badakit nire eskuetan daudela. Ergel halakoak. Nik, haien orrialde ziztrinetan utzi duten informazio osoa daukat eskuragai eta haiek ez dakite nor naizen ere. Ume moko bat jipoitzea ere zailagoa izango zen. Normalean eztabaida (hobe “jipoia” esatea) era berean amaitzen da: blogariak duintasun plantak hartzen ditu  “anonimoekin ez dut ika-mikarik izaten” edo antzerako zerbait idazten duen arte. Hau koitadua hau. Hilabete pare baten bueltan hor izango nau berriro, bere ezjakintasuna agerian uzteko prest.
Baina ez dizuet ukatuko. Nire zereginak on-line prentsan eskuratzen ditu orgasmorik gozoenak. Kazetari kakatiek eta iritzi-emaile koldarrek ez dute inongo paradarik izaten nire pozoia ekiditeko. Onar dezagun behingoz. Gaur egun mila aldiz dibertigarriagoa da nire edena haien iruzkin zekenak baino. Horixe bera da nire arrakastaren zergatia eta honela segitzekotan paperezko egunkariek ez dute etorkizunik izango, irakurleak morbo bila ibiltzen baitira. Egia esan ni naiz artikulu horiengatik ordainduta izan beharko nukeena eta ez sasi-kazetari horiek, irakurle gehienek nik emandako elikadura da benetan jateko irrikatzen dutena eta ez jatorrizko informazioa edo iritzia.
Gorroto-gizartean bizi gara eta aiherkundeak interneten aurkitu du esparru ezin hobea.
Etorkizunaren jabea naiz. Dudarik ez izan. 

                              

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina