2017(e)ko ekainaren 23(a), ostirala

ALENTEJO GAUAK

Bazen behin etxe zuriz beteriko leku eder bat. Erdi Aroko pabadurazko karriketatik plaza zabal eta dotore batzuetara hel zitekeen, eta bertan, kolonia-estiloko elizak edo erromatarren eraikinak aurkitu ahal ziren. Alentejo zuen izena eskualdeak eta Evora hiriburuak.
Inguru bitxi horretan turistak zeuden, bai, baina ez zuen ematen turismoak suntsitu duen hiri horietako bat. Oraindik bizirik zeuden estilo zaharreko liburudendak, taberna eta kasino lagungarriak eta bidezko prezioko jantoki tradizionalak.
Bitxia bazen ere, bizirik eta sasoian zeuden, baita ere, alkate eta zinegotzi komunistak zonalde horietan, eta bizirik zeuden bertokoek behin eta berriz udaletxeetan kokatzen zituztelako, pozik omen zirelako haien lanarekin.
Ekaina zen eta Giraldo izeneko enparantza horretan oholtza handi bat prest zegoen: EXIB, Iberoamerikako musiken topaketaren ekitaldiak erakusteko prest.
Ekimen hori zela eta, lau egunetan, Iberoamerika osoko artistak eta mundu osoko kazetariak eta programatzaileak bildu ziren alderdi hartan. Ez ziren, ez, oso artista ezagunak. Topaketa horietan parte hartzeko, hautaketa zorrotza egin zen aurreko hilabeteetan zehar. Ehunka aurkezturen artean hogei bat izen ziren hautatuak. EXIBen aritzea ez zen, bakarrik, publiko berri baten aurrean jotzeko aukera paregabea. Entzuleen artean, ospeko jaialdien arduradunak, managerrak eta kazetari ugari aurkitzen ziren, bertoko herritarrekin nahasturik. Ez zen, inola ere, ekitaldi bat gehiago. Aurreko edizioetan baieztatu zenez, EXIBen arrakasta lortzea bultzakada itzela izan zitekeen edozein artistaren ibilbidean.
Eta horrela igarotzen ziren egunak inguru aparta horretan. Goizetan, profesionalentzako zonaldean –Don Manuel izeneko jauregi eder batean egokitua– topaketak eta elkarrizketak ugari ziren. Arratsaldeetan, aldiz, Giraldo plazako ekitaldiak ospatzen ziren, eta iluntzean, artista gonbidatuentzako txanda zen. Inguruko tabernetan antolatuak, gehienbat.
Gero, sorginkeria izango bailitzan, hiri osoa musikaren oinetara jartzen zen, une berebizikoak bizitzeko, bata bestearen ondotik.
Gitarrista argentinarrak, biolinista euskaldunak, Mexiko, Katalunia, edo bertoko abeslariak, Galiziako pandero-joleak, Brasilgo perkusionistak, Kurdistaneko laute-jotzaileak... edozein txokotan biltzen ziren, inolako hitzordurik gabe, luzaroan musikaren bidez hitz egiteko, komunikatzeko, gozatzeko. Gaueko izar-mantuak hiria estaltzen zuenean eta afalostekoak amaitu eta gero, Koreako promotorea, Londoneko kazetaria edota bertoko zinegotzi gorritxoa, musikariekin batera nahasten ziren, txaloak jotzeko, dantza egiteko edo irrintziak botaka aritzeko.
Goizaldean, oilarraren kantuarekin batera, bakoitza bere lekura itzuli zen. Betzuloak betzulo, han jarraitzen zuten salmentek, aurkezpenek, sinadurek, elkarrizketek...
Lau egunen bueltan, herriak bere bizimodua berreskuratu zuen. Musikariak eta profesionalak etxeratu ziren eta gaueko doinuak itzali ziren.
Baina betiko geratu zen, bertoko giroan, nazioartean elkarulertzeko (eta gozatzeko) mezu ahaztezin hori. «Eta hau hola ez bazan...»

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina